Herria kokatu
Sarako herria, 51.34 km²-ko hedadura duena, Lapurdiko probintzian kokatua da eta Nafarroarekin 34 km-ko muga partekatzen du.
Urdax, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sarak Xareta lurraldea osatzen dute (Lotura) eta, mugaz bi aldeko biztanleak elkartzen dituen lotura hertsiari esker, baltsako nortasun kultural handia du.
2022ko urtarrilaren 1.ean, 2.725 saratar biztanle zerrendatu ziren.
Historia, arkitektura eta ingurumen mailako berezitasunak kontuan harturik, herria “Plus Beaux Villages de France” labelaren jabe da. Gipuzkoako Ataun eta Korsikako Santa Maria Poghju herriekin senidetua da.
Nafar estiloko herriko etxearen eraikina, euskal mikrokosmosetik bereizi ezina den eta “kanpoko tenplua” den frontoinaren parean plantatua da. Plaza horretatik, zurbeso ageriko baserri anitz lotzen dituzten ehun urteko platanoz azpatuak diren bideak abiatzen dira, hamar bat bazter auzotan elkartuak:
- San Inazio
- Helbarrun
- Plaza
- Ihalarre
- Basaburu
- Hegimehar
- Lehenbizkai
- Santa Katalina – Olhaldea
- Istilarte
- Bordak
- Lezea
Historia
Sarako historia lurralde baten historia da lehenbizi, eta kontatzeak denboran bidaiatzera darama. Milioika urteetan barna eraikia, honen paisaia belaunaldietako gizaki biziaren bilakaeraren eta honen epopeiaren faktorea eta lekukoa da aldi berean.
Goi paleolitikoan jadanik, zehazki J.a. 35.000 eta 10.000 artean hedatzen den garaian, historiaurreko gizakiak aldi baterako gerizalekua aurkitu ohi zuen Sarako lezeetan.
Antzinatetik hileta monumentuak (trikuharriak, trikuharri kutxak eta harrespilak) eta menhirrak heldu zaizkigu, lurraldean populakuntza baratze-abeltzainaren finkatzearen lekukotasuna ekartzen dute.
“Sara” (oihan/leku oihantsua erran nahi duen “xara” hitzetik heldu dena) herriaren lekukotasuna ematen duten dokumentu zaharrenak Erdi Arokoak dira. Plazak jende multzo primitibo bati harrera egin zion hain segur, auzoa muino batean kokatua izanik garai hartako populakuntza gune anitzi bezala babesa ematen baitzien. Garai zaharretatik gogoan dugu ere Lehetea jaun etxekoa eta 1289an Harizmendia jauregia eraiki zuen Ezpeletako Garcie Arnaud Jaunaren aliatua zen Lahet familia.
“Errepublika” ttipiko monarkiaren garaian, Sara herri abantzu autonomoa izan zen.
1693an, auzo herrien suntsitze eta erretzeen ondotik, Beran kokatuak ziren “bandoleroak” heldu zirela abisaturik, saratarrak antolatu ziren Cristobal Ithurbide buru zutela. Herriko zizpa bakarra eskuan, azken honek, denen oldarraren laguntzaz, lapurrak haizatu zituen. Luis XIV.ak abentura horren berri izan zuen eta, sari gisa, armarriak eman zizkion herriari : armarri urdina, gainean kaskoa duen zilarrezko korazarekin eta hiru urrezko zitoriz apaindua (Argazkia 2). Berantago, Eguzki erregearen estimu horrek iraultzaren gorrotoa ekarriko zuen. 1974ko otsailean, Izuaren gorenean, elizari fidel gelditu zitzaion herriak zori tristea bizi izan zuen : mugako beste lau herriak bezala dekretuz “herri okaztagarri” izendaturik, herriko populakuntza guzia deportatu zuten. Bizirik atera ziren erbesteratuen itzulera zortzi hilabete berantago gertatu zen, zailtasun handiekin.
Bigarren inperioaren garaian, Napoleon III.ak eta enperatriz Eugeniak Sarako lezeetarako eta Larrunerako ateraldiak egin zituzten. Garai hura, Miarritzeko jende ospetsu guziak besta gogoangarriak zituen euskal herriaren egiazkotasunaz gozatzera etortzen zirenekoa izan zen : Errusiako gorteko printzeak, Eduardo VII., pilotazale errabiatua zen Ingalaterrako errege, Serbiako Natalia erregina.
1837az geroztik San Martin eta Andre Mariaren gerizapean irailean iragaten diren Sarako bestek pilota partidak, herri kirolak, desfileak eta bertsolariak barne hartzen dituen tradiziozko ekimenei bide ematen diete. Animazio ikusgarriena Ahate Jokoa da, zaldunak lauhazka betean “frontoina zeharkatzen duen soka batetik zangoetatik dilindan den ahate bati buruz joaten dira, aitzinetik sabrea eskuan duen buruzagi armatuaren lehen pasaian lepoan pikoa egin ondoren, eta zaldunak, bakoitza bere aldian, ahatearen burua indarrez kentzen entseatzen dira […] Sentsibilitateari berriki eginiko kontzesio batek ahatea dilindan eman aitzin hilik izatea onartzen du[…]”.
Pentsalari handi batzuk, W. Webster, Karl Bouda eta H. Schuchard filologoak bezala, Jean-Baptiste Elizanburu euskal poeta ospetsuaren aberrian bizi izan ziren. 1940an, Jose Migel Barandiaran etnologoa Saran kokatu zen eta han burutu zituen ondoriotzat 23 tomoko obra izanen zuen La Gran Enciclopedia Vascaren ikerketak. Bigarren mundu gerlaren ondotik, ospe oneko bisitariak ere anitz izan ziren: ordu hartan Japoniako printze erregegai zen Aki Ito, Orson Wells, Winston Churchill, De Gaulle generala, Montgomery Marexala…
Laborantzak eta abeltzaingoak mendeak iragan badituzte eta gaur egun oraindik herriaren errealitate ekonomikoaren parte baldin badira, Sarak desagertuak diren beste aktibitate batzuk hartu zituen: Ur biziko iringintza; Burdin meatzaritza aktibitatea 1770 eta 1890 artean, liburuek 18 errementari eta burdinzuritzaile aipatzen dituzte; XVIII. mendean saratar anitz itsasoko lanetan ari zen: marinako 19 kapitain eta 40 ofizial zerrendatuak dira; 1860 urteetan antrazita miatzeen hastapenak izan ziren Ibanteliko sektorean; eta 1895ean artilea garbitzeko lantokia eraiki zen, ondotik antxoa kontserbategia bilakatuko zena; azkenik, ez dezagun kontrabandoa ahantz, garai batean mugako gure herrietan leku bat izan zuen “gaueko” lana eta, egunerokoan, haren Historia idazten segitzen duena.
Ondare naturala
Fauna eta flora
Atlantikoa aitzin Pirinioetako azken mendien azpian finkatua, Sara mosaiko formako paisaia aberatsaz osatua da : mendiak, bortuak, pentze muinotsuak, arto landak eta ehun urteko oihanak elkarrekin bizi dira eta ingurumen miresgarria eskaintzen digute.
Herriko adineko batzuen laguntzaz, sektoreka mendateen, harkaitzen, iturrien, zuhaitzen, hondakinen, lekuen izenak zerrendatu ditugu, hots, ezaguna eta egokia zen oro. Ondotik, eremu berdeen ardura duen herriko zerbitzu teknikoetako arduradunetariko bat den Xabi Berrouetek elementu bakoitza argazkitan hartu eta hauen GPS koordenadak bildu ditu. Inbentario honek memoria betebeharrari erantzuten dio, herriko etxeko zerbitzuak eguneroko lanean laguntzearekin batera.
1.250 ha-ko herriko oihana O.N.Fak kudeatzen du eta, denak aipatu gabe, Ameriketako haritz gorriz, platanoz, gaztainondoz, gorosti handiz eta Kaliforniako Duglas pinuz osatua da. Uda finitzean, hurrez, masustez eta basaranez goza genezake eta udazkenean gaztainez, onddoez eta zizahoriez.
Fauna dibertsifikatua da: ezkailuek, aingirek eta amuarrainek gure errekak populatzen dituzte. Saiek, miruek (beltzek eta gorriek), sai zuriek, beleek, oilagorrek eta alaudek zerua partekatzen dute. Azkenik, erbiak, lapinak, orkatzak, basurdeak, azeriak, urtxintxak eta fuinak inguruetan sakabanatzen dira.
Abeltzaingoak mendeak iragan ditu eta gaur egun oraindik herriaren errealitate ekonomikoaren parte da. Alhapide naturaletan behiak, ardiak, pottokak eta euskal zerriak hazten dira. Lizuniagako lepoan, R36 mugarrian, “Mahain Harria” atzematen da, mugaren erdian. Eroria den menhir horretan fazeriak gertatzen ziren, eta dira, abere bazka lurrak baliatzeko Sara eta honen auzo herri den Nafarroako Beraren arteko akordio juridikoak.
Errekak
Herria inguratzen duten pattar zutetatik behera jautsiz, uhar handiz doazen 150 errekako sarea dago, haranean bat egitean Urdazurira heltzen dena. Aipagarrienen artean hego ekialdetik eta hegoaldetik jausten direnak aipa ditzagun: Lizuniagako erreka, Lizarrietatik jausten den Hiruetako erreka, usategietatik Zugarramurdi arte hedatzen den karea lehuntzen duen Urioko erreka. Erreka multzo horrek Lurgorrieta osatzen du, zeina Urdazurirekin duen ibai gurutzea Herburuan den.
Larrun mendia
Tontorra 905 metrotan, ikusi ahala urruneko Euskal Herriko kostaren bistarekin, Larrun Euskal Herriko mendi mitikoa da. Hartara San Inazio lepotik abiaturik kremailera treinaren bidez igo daiteke edo, oinez, Sarako, Azkaineko, Urruñako edo Berako herrietatik abiaturik.
Lizarrietako lepoa
Sara eta Etxalar artean 441 metroko goratasunean kokatua, Lizarrietako lepoa parerik ez duen mugako gunea da, zeinean migratzen duten txori espezieen behaketa zientifikoa eta mendetako usoa ihiziaren tradizioa nahasketatzen diren. Jende anitz biltzen duen eremu hori jatetxeen inguruko aparkalekuak berriz antolatzeko egokitu da, gune naturala babestearekin batera.
Bi bideskek lepoaren historia deskubritzeko parada ematen dute : uso ihizia, 9 km-ko bihurgunea, 2:30 oreneko ibilbidean 7 zedarri argigarri dituena, eta oihan eta meategiak: 2.9 km-ko joan/etorria, hots, 8 zedarri dituen 1:15 oreneko ibilaldia. Ttipiendako Koldo Ameztoiren alegiazko ipuin batekin joan/etorriko 45 minutuko ibilaldia sortuko da. Berrikuntza : “Lizarrieta Abenturak” aplikazioa.
Usategiak
Uso ihizia bizki aspaldikoa da eta Sarakoa Pirinioetako lepoetako sare ihizi ederrenetarikotzat jotzen da. Sareen kokapena txori migratzaile den usoarentzat zinezko onila da. Horietako bat Saiberri lepoaren mendebaldean kokatzen da, bestea azken honen eta Ibanteli tontorraren artean hego-mendebaldean1 km-ra, Saratik Etxalarrera daraman bidexkan. Udazken guziz sukar “urdinak” irailaren 29an hasi eta azaroaren 11n San Martin egunean finitzen den ohitura honen zale errabiatuak hartzen ditu.
Historiaurreko lezeak
Altxuriako mendigunea, aniztasun biologikoagatik Natura 2000 europar sareak babesten duen eremua da. Lur-azalean baina baita erraietan ere aberastasun anitz bada. Karezko formazio hori, mundua mundu denetik formatua, zilo anitzez egina da. Horietako bat, Lezea izena hartzen duena, publikoarendako irekia da. Ikerketa kanpainek frogatu dute eremu geologiko atipiko hori Sarako Lehen Etxea izan zela : izan ere, gaur egun, gauenara espezie desberdinek bizileku gisa hautatu baldin badute ere, orain dela milaka urte ihiztari-biltzaile deituriko gizaki nomaden bizilekua izan zen. Leku liluragarri horretan giro berezia nabari da, erriekin hunki baigenezake gure sinesmenen, kulturaren eta naturaren arteko lotura egiten duen hori.
Zure bisita ahal bezain ongi prestatzeko gisan, informazio praktiko guziak Sarako Lezeen webguneanatzeman itzazu.
Ondare ttipia
Galtzada
Galtzadak, Erdi Aroko harrizko bideak, Sara Iparretik Hegora zeharkatzen du. Behiala Donibane Lohizunetik Zugarramurdira joateko bide bazterrezina, herria eta inguruak deskubritzeko aisialdi ibilaldi anitzen abiapuntu duen bidexka da. Begira ezazu Harrera Turistikorako Bulegoaren webguneaoinezko eta mendiko bizikleta bidezko ibilaldien berri hartzeko.
Erdi Aroko zubiak
150 erreka baino gehiagok Urdazuriko urak handitzen dituzte, eta hargatik daude alde batetik bestera iragateko Erdi Aroko hainbeste zubi. Sarako herrian den zubi ezagunena Granadako zubia da. Istilarte auzoan kokatua da, herri zentrotik 1,5 km-ra, Sarako lezeen bidean.
Suharriaga parkea : Napoleondar gerlen oroitarria
1813ko ekainaren 21ean, Wellingtonek tropa napoleondarrak garaitu zituen Gasteiz inguruan. Lepo eta pasaiak Aldude eta Hendaia artean iragan zituzten. Udazkenean, bi armadak gure lurraldean borrokatu ziren : Soult Marexalaren 68.000 soldadu napoleondar eta Wellingtonen koalizioko (Britainiarrak, Espainolak eta Portugesak) 112.000 soldadu. 11.000 soldadu hil ziren bataila hartan. Iraganiko herriak bipilduak izan ziren eta oihana erre zuten. Herriak 30 urte behar izan zituen gerla horren ondotik burua altxatzeko. Suharriaga parkean den monumentu hori herriak pairatu zuen sufrikarioaren lekuko da.
Gotorlekuak
Inperioaren gerlen aztarna diren Soult Marexalak eraikiriko gotorlekuak anitz dira gure lurralde menditsuan. Garrantzitsuena, Koralhandia izeneko Gotorlekua, Aira-Harri izeneko lekuan da (550 m-ko goratasuna), Larruneko kremailera treinaren Hiru Iturriak geldilekutik 600 m-ra, ipar-ekialdera buruz. Defentsa lerro hori Wellingtonen tropa ingeles-hispaniar-portugesek inbaditu zuten 1813ko azaroaren 10ean. Beste batzuk ere ongi kontserbatuak dira : Larruneko Ermitaren gotorlekua, Ermitebaita, Mendibidea. Olhain kaperako Luis XIV.aren Gotorlekua, Argaineko tontor harresiztatua, 29. mugarriko Gotorlekuak, Santa Barbara, Zuhalmendi, Granada, Muno-Handia eta Idoiko-Bizkarrakoak.
Jondoni Martine eliza
Jondoni Martine eliza, herriaren bihotzean kokatua, Lapurdiko eliza ederrenetarikoa da. XVII. mendean, Axular apezaren parrokotza garaian eraikia izan zen. Bost estaiko dorre ikusgarria du eta haren ondoan hilerri zaharra. Barnean, hiru solairutan, zizelkaturiko haritzazko galeriak eta torneaturiko balaustreak atzeman daitezke. Eguzki orratzak ondoko inskripzioa du: Oren guziek dute gizona kolpatzen azkenekoak du hobirat egortzen. 2003ko irailean, sute batek ezkila-dorrea erre zuen, ezkila berria (Frantzia mailan apaindura gehien duen ezkila) 2005ean estreinatu zen.
Santa Katalina kapera
Herri erdigunetik 3 km-ra, Olhaldea zaldiketa zentroaren parean den Santa Katalina kapera XVII. mendean eraiki zen, bi mende lehenagokoa zen jatorrizko eraikinaren oinarriaren gainean. Barnean zurezko bi estaiko galeriak dituen eraikinean Napoleon III. eta enperatriz Eugenia Montijo egon ziren. Azaro finitzean, Santa Katalinako eliz zeremonia ospatzeko baizik ez da irekitzen.
Sarako otoizlekuak
Otoizleku bat saindu baten gurtzari eskaintzen zaion monumentu ttipia da. Sarak hamalau ditu, zeinetarik bost herri erdigunetik hurbil den galtzadan dauden. XVII. mendean eraiki ziren, tradizioari jarraikiz, sarako arrantzaleek eginiko botoen ondorioz.
Frontoina
Sara pilotaren sehasketako bat da eta, XIX. mendean, saratar anitz ospetsu bilakatu zen luzean, esku pilotan edo xisteran. Horietako batzuk, Pierre Larronde bezala 1940an, munduko txapeldun izan ziren. Euskal Herriko herri guziek bezala, Sarak frontoina du. Historian zehar lau izan dira baina bi desagertu ziren. Zaharrena, 1803koa, ikusgarrietarako gune garrantzitsua den herriko plazan berean kokatua da, herriko etxearen parean. 1902an goratua izan zen eta 1919 eta 1999 artean behin baino gehiagotan zaharberritua. 1977koa den frontoin berriak, orain dela gutti eraiki zuen Jean Fagoaga auzapezaren izena hartu duenak, luzean jokatu ahal izateko bi murru ditu. Herriko igerilekuaren aparkaleku ondoan kokatua da, herri erditik 30 metrora.
Sarako atalburuak
Atalburuak etxeen, elizen, otoizlekuen, frontoinen… aitzinaldean diren zizelkaturiko harriak dira. Etxea baldin bada, harri horietan eraikinaren eraikitze data eta/edo jabearen izena atzematen dira usu. Sarako herrian 80 atalburu baino gehiago zerrendatu dira.
Latsarriak
Herrian latsarri zahar publiko edo pribatu bat baino gehiago daude. Latsarriak herriko bizirako baitezpadakoak ziren, etxeko andereei arropa garbitzea eta lan egiten zuten bitartean bizi soziala mantentzea ahalbidetzen zien. Azken urteetan herriak bat baino gehiago zaharberritu ditu.
Hilen oroitarria
Sarako hilen oroitarriak bi Mundu Gerletan eta Algeriako gerlan desagerturiko saratar guziak omentzen ditu. “Je t’ai cherché” zizelkaturiko talde hori Maxime Real del Sartek, hura ere lehen Mundu Gerlan mutilatua, egin zuen bera da. 1920ko irailaren 11n estreinatua, urte bereko Frantses Artisten Erakustazokan aurkeztu zen. Etzana zen soldaduaren modelo gisa Charles Eudes frentean zendu zen borroka laguna hartu omen zuen. Oroitarri hori Jondoni Martine elizaren Hegoaldeko murruaren kanpoaldean kokatua da. Hartan idatzia da: BERE SEME GUDUAN HILERI SARAK 1914-1918, 1939-1945 et 1960 (Algérie) eta hil zirenen izenak.
Victor Iturria oroitarria
Herriko plazan, Maxime Real del Sarte zizelkariaren azpi-erliebean den oroitarriak Saran sortu eta 1944an zendu zen Victor Iturria omentzen du. Granada bat jaurtikitzen duen soldadua agertzen du eta haren itzala denak, mugimendu bera eginez, pilotari bat agertzen du. Izan ere, pilotarako zuen trebetasunak Bigarren Mundu Gerlako gudu zelaiko granada jaurtitzaile bereziki eraginkorrean bilakatu zuen.
Txalaparta
Gaur egun eskultura bitxia ohoretan ezarria da plazako frontoinean : Zizelkaturiko gresezko bi zutabe dira akazia zurezko txalaparta horizontalaren oinarri. Zutabeetako batek, euskal arrantzaleen ikur diren balea eta batela zizelkatuak ditu eta baita Indiar baten aurpegia (arrazen unibertsaltasunaren ikur) eta haren kanoa ere. Bestea suge baten (euskal mitologiako Herensuge) lekualdatzearen sinbolo den argi zuloa du zizelkatua. Orain bi txalapartariek hedatzen duten aspaldiko melodiaren oihartzuna pilotarien eztabaidekin eta pilotaren klaskarekin nahasten ahalko da.